2010-03-08

Nelson eta konpañia

Zeharkako konpetentziak euskal curriculumean



La propuesta del “currículo Vasco” responde a dos grandes necesidades y objetivos complementarios. Por un lado, a la de asegurar la transmisión de la cultura vasca. Y por otro, a la de incluir las competencias necesarias para vivir en una sociedad vasca integrada en Europa y en interdependencia mundial. Es éste segundo aspecto el que centra la atención de este artículo.

Etorkizunari aurre egin nahi dion gizarte orok beharrezko du bere kide guztiek izatea gaitasuna modu aktiboan eta konpromisoz parte hartzeko. Hori horrela, pertsonak dimentsio guztietan eraginkortasunez jarduteko trebatzea izango da hezkuntza sistemaren xede nagusia. Bizitzaren eremuetan jarduteak nahitaez eskatzen du prozedurak menperatzea; eta horiekin batean, ezagutzak eta jarrerak erabiltzea eragiten du. Ikuspegi horri jarraiki eta Europako hezkuntza ildoarekin bat eginez, kontzeptuzko jakintzetatik haratago joanez, pertsonaren dimentsio guztietan jarduteko beharrezko diren konpetentziek ardazten da Euskal Curriculumaren (EC hemendik aurrera) proposamena. Esanahi baita, ezagutza egoera praktikoetan eta testuinguru zehatzetan erabiltzera bideratu behar dela hezkuntza jarduera. Konpetentzien izaera dinamikoa eta transferigarria (bai denboran bai bizitzako egoera desberdinetan) azpimarratzen da, beraz, ECren proposamenean. Eta horrekin bat, ezagutza eta erabileraren (praktikaren) osagarritasuna.

Hautatutako eredu kurrikularraren arabera, diziplina arloen araberako antolaketaren eta konpetentzien araberako antolaketaren osagarritasuna bilatzen du hizpide dugun proposamenak. Ildo horretan, diziplina arloak diziplina bakoitzarekin zerikusia dutenen artean hautatutako konpetentzia multzo bezala irudikatzen dira, hezkuntzaren xedeak lortzeko eta horiek konpetentzia orokorretan garatzeko gaitasun bezala, hain zuzen ere. Finean, horretan datza hezkuntzaren erronka handienetarik batek, hots, hezkuntza konpetentzia orokorren eta diziplina arloei dagozkienen arteko integrazioa lortzea bizitza osorako hezkuntzarako oinarriak ezartzeko xedez.



Hezkuntza konpetentzia orokorrak Euskal Curriculumean

ECren proposamenean azaltzen den eran, hezkuntza-konpetentzia orokorrak dira zuzenean diziplina arloen eduki espezifikoen erreferentzia egiten ez dutenak, nahiz eta hezkuntzaren ikuspegitik duten balioagatik, konpetentzia guztiekin (konpetentzia metadiziplinarrak) lotuta egon, bai eta hainbat arlorekin (diziplinarteko konpetentziak) eta arlo jakin batekin ere (diziplina baitako konpetentziak).

J. Delors-en zuzendaritzapean UNESCOri egindako txostena oinarrian, bost eremutan antolatzen dira konpetentziak ECren proposamenean. Delors-en txostenean zedarritzen diren lau zutabeei –ezagutzen ikasi, egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta izaten ikasi- bosgarren bat gehituz: komunikatzen ikasi. (Ikus 1. taula).

Hezkuntza-konpetentzia orokorren antolamendu honek hezkuntzaren funtsezko elementuak eta hezkuntza-planteamendu horrekin koherentea izateko irakasleak bete beharreko funtzioak bere osotasunean islatzen ditu ECren proposamenaren arabera.

Diziplina jakin bat irakastean, zenbateko garrantzia izan behar du zeharkako konpetentziak barneratzeak? Eta zenbatekoa diziplinei dagozkienak barneratzeak?
Hezkuntza-jardunaren helburua pertsonaren dimentsio guztietan eraginkortasunez jarduteko gai den norbanakoa lortzea denez, zeharkako konpetentziak eta diziplinaren berariazko konpetentziak barneratzeari egozten zaion garrantzia hezkuntzaren xedeak lortzeko zuzenean egindako ekarpenaren araberakoa izan beharko luke.

Zeharkako konpetentziak aparteko irakasgai moduan irakats daitezke ala ikasgaietan integratuta irakatsi behar dira?
Bereizita irakats badaitezke ere, ECren proposamenean diziplinetan integratuta irakastearen aldeko apustua egiten da. Izan ere, zenbat eta egoera gehiagotan, eduki gehiagoz eta maila gehiagotan irakatsi, orduan eta handiagoa izango baita zeharkako konpetentzia horiek transferitzeko aukera.

Nola irakatsi behar dira diziplinari dagozkion ezagutzak: berez dituzten balioetan oinarrituta ala transferigarriak diren zeharkako konpetentziak garatzeko baliabidetzat bakarrik hartuta?
Diziplinak, zientziaren arloari lotuta dauden heinean, ezagutzaren baitan dira eraikitzaileak, ez hezkuntzaren baitan. Alta, benetan sinesten badugu hezkuntza sistemaren funtzioak bizitzarako prestatzean datzala, irakaskuntzaren edukiak horretarako balio duten heinean izango dira baliagarri. Beraz, hezkuntzaren xedeak lortzen laguntzeak behar luke izan oinarrizko irizpide.




1. taula
1. Pentsatzen eta ikasten ikasi 1.1 Informazioaren interpretazioa: ulermenean oinarritutako pentsamendua
1.2 Informazioa sortzea: pentsamendu sortzailea
1.3 Informazioaren ebaluazioa: pentsamendu kritikoa
1.4 Erabakiak hartzea
1.5 Arazoak konpontzea
1.6 Baliabide kognitiboen erabilera
2. Komunikatzen ikasi 2.1 Ahozko hizkuntza
2.2 Idatzizko hizkuntza
2.3 Beste hizkuntza batzuk
2.4 Gizarte komunikabideen baliabideak
2.5 Informazio eta Komunikazio Teknologiak
2.6 Kontzientzia sozio-kognitiboa
3. Elkarrekin bizitzen ikasi 3.1 Pertsonarteko harremana
3.2 Parte hartze demokratikoa
3.3 Elkarlana eta talde lana
3.4 Gizarte bizikidetzako arauak
3.5 Aniztasuna (generoa eta kultur aniztasuna)
3.6 Arazoak konpontzea
4. Norbera izaten ikasi 4.1 Gorpuztasuna
4.2 Norberaren kontrola eta oreka emozionala
4.3 Nork bere buruaren estimua
4.4 Autonomia
4.5 Sentsibilitate estetikoa
4.6 Integrazio pertsonala
5. Egiten eta ekiten ikasi
5.1 Fase analitikoa: informazioa hartzea eta gordetzea
5.2 Sortze fasea: ideia berriak eta konponbideak lantzea
5.3 Berritze fasea: ideiak gauzatzea
5.4 Ebaluazio fasea: inpaktuaren ebaluazioa
5.5 Ekite prozesuaren aplikazioa

2010-03-03